Higidura zuzen

a) Higidura zuzeneko partikularen posizioa. b) Partikularen abiadura (positiboa) eta azelerazioa (negatiboa).

Fisikan, higidura zuzena deritzo ibilbide osoa lerro zuzen batean duenari. Partikularen posizioa, r(t), ardatz koordenatu bakarrean dago kokaturik une oro. Hortaz, dimentsio bakarrean gertatzen da, norabide bakarrean alegia, nahiz eta bi noranzkoetan gerta daitekeen, aurrerantz eta atzerantz; hortaz, abiadura bektoreak etengabe du Ox ardatzaren norabidea. Matematikoki aztertzean, abiadura bektorearen modulua kontsideratzen da soilik, baina noranzko bat (Ox ardatzarena) positibotzat hartzen da eta aurkako noranzkoa, negatibotzat.  Hori dela eta, higidura zuzenaren azterketa matematikoa egitean, ekuazio eskalarrak erabil ditzakegu.[1]


Higidura zuzena higidura sinpleenetakoa da. Hain zuzen, Newtonen lehenengo legearen arabera, indarrik jasaten ez duten objektuak lerro zuzenean higitzen dira abiadura konstantez; hau da, higidura zuzena dute. Abiadura konstantez gertatzen den higidura zuzenari higidura zuzen uniformea deritzo. Bestalde, partikula indar baten eraginpean badago, azelerazioa jasango du, indarraren norabide berekoa. Hortaz, indarrak abiaduraren norabide berbera badu, azelerazioa ere abiaduraren norabide berekoa izango da, eta higidura zuzena izango da. Esate baterako, grabitatearen eraginpean bertikalki erortzen ari den gorputzak higidura zuzena izango du, nahiz azeleratua izan. Kasu horretan higidura zuzen uniformeki azeleratua izango dugu.[2]

  1. Higidura zuzena. .
  2. (Gaztelaniaz) Video explicativo sobre problemas de movimiento rectilíneo.. (Noiz kontsultatua: 2019-03-28).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search